Gizarte-Etxea Auzo Elkartea, 1975etik hona, herriko jendearen parte-hartze eta lanari esker bizi-bizirik irauten duen elkarte plurala eta zabala da. Bere lelo propio eta historikoek argi uzten dute bere filosofiaren nondik norakoak:

  • “Uzta ereitearen saria da”
  • “Eman ezik ezin hartu”

Gizarte-Etxea

Beheko solairua

Taberna

Beheko solairua,  lehen korta zena, egun, gunerik ezagunena da. Taberna, bodega, umeen txokoa (egin klik planoan) eta sutondoko mahai-gune zabalaz osatuta dago.

Tabernak bere sorrerako filosofia parte hartzaile, dinamiko eta herrikoiarekin jarraitzen du. Izan ere, astebururo, txandak antolatzen dira, barra zein pintxoak egiteko. Horrek xarma berezia ematen dio Gizarte-Etxeko tabernari. Hamaika auzokide tabernari gisa, txikitoak eta pintxoak zerbitzatzen ikustea ohikoa da Gizarte-Etxean. “Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula!”

Aste barruan, aldiz, 1997tik, laguntzaile bat dago arratsaldetan Gizarten. Tabernari lanak egiteaz gain, dinamizatzeaz eta etxeko beste gauzetaz ere arduratzen da. Denok ulertu behar dugu lan honen esparruaren zabalera eta denon artean egin  behar dugula Gizarte-Etxea.

Herriko edonork, edozein momentutan lagundu, zabaldu edota erabili dezake Gizarte-Etxea, beti ere bere ardurapean, noski!! Giltza denon eskura dago.

Umeen txokoa

Gazte zein umeek sarri erabiltzen duten gela dugu hau. Telebista, mahai-futbola eta txikitxoenentzako  jolas-parkea dago. Horrez gain, jostailu, jolasak eta bestelako materialak gordetzen dira bertan. Ondo zaindu beharra dago, denon goxamenerako baita.

Urtean zehar ume eta gazte asko ikus daiteke txoko honetan.

 

 

 

Erdiko solairua

Areto Nagusia

Erdiko solairuan hainbat gela daude erabilera ezberdinetarako.  Areto nagusia da handiena, etxeko aurrealdea eta alde oso bat hartzen duena. Jantokia izateaz gain, erabilera anitzeko gela  bihurtu da: ikus-entzutekoak, ikastaroak, kontzertuak, bilerak, hitzaldiak, …

(Beste gelak ikusteko egin klik solairuetako planoetan)

Sukaldea

Sukalde industriala daukagu Gizarten, herriko edonork erabili dezakeena, beti ere zaindu eta garbitzeko ardura aurretik hartuta, noski. Bazkari edo afariak egiteko bada, tabernako laguntzaileari komentatu behar zaio,  berak agendan apuntatzeko eta beharrezkoak diren azalpenak emateko, Erabiltzailearen fitxa betetzearenak besteak beste. Bertan, gure taldeari dagozkion gutxieneko datuak, kontsumitzen duguna eta erabiltzeagatik pertsona bakoitzeko zehaztuta dagoen diru kopuru minimoa apuntatzen da eta ondorengo egunetan, diruarekin batera, tabernako laguntzaileari eman behar zaio fitxa.

Erabili, goxatu eta on egin!!

Jubilatuen txokoa

Jubilatuen Elkartearen egoitza ofiziala solairu honetan dago; hortik datorkio izena gela honi. Biltokia eta jantokia izateaz gain, erabilera anitzeko gela da. Izan ere, bertan, era askotako ikasketak ematen dira, bilerak, …. Txoko txikia eta lasaia.

 

Goiko solairua

Ganbara

Goiko solairuan ganbara zabal bat dago, erabilera ezberdinak dituena (musika klaseak, jantokia, liburutegi-ikasgela, jolastokia…). Aurrealdera, teilatu azpian, hiru leiho txiki  eta baxuak ditu; hegoaldera, balkoi luze bat kalera begira, eta, teilatuko leihoekin, areto argitsu  polit bat egiten dute, gauza askotarako aproposa.

Bertan komuna, biltegia eta tresnaz betetako beste hiru musika gela daude ere.

(Beste gelak ikusteko egin klik solairuetako planoetan)

Musika gelak

Piano gela, Txori-tokia eta Bateria gela dira Musika Eskolako txokoak. Musika-hizkuntza, tresnak jotzen eta abesten irakasten dute eta haien notak sarri entzuten dira Gizarte-Etxean. 

Historia

 Beatriz Etxebarria bizi izan zen etxe honetan. Berak elizari utzi zion, baldintza batekin: eraikina ezin zuen  saldu, ezta alokatu ere.

Etxea berritzeko lehenengo lanak 1975ean hasi ziren, Begoña Landaburu andrearen ekimenez. Orduan, ekarpen ekonomikoa eskatu zitzaien herriko familiei (1.000 pezeta, 1976an zehar ordaintzeko). Helburuak argiak eta garbiak ziren: egon eta biltzeko leku bat behar zuen izan. Kultur ekintzak (ikastaroak, hitzaldiak, liburutegia, dantzak …) antolatzeko eta mediku kontsulta gisa erabiltzeko (Ugaora joan behar ez izateko). Hau guztia dinamizatzeko junta bat osatu zen eta auzoz auzo ibili ziren herriari ezagutzera emateko.

Garai horretan Simon Olivaresek eta Agustin Leturiagak, obrak amaitzeko, lan berezia egin zuten. Ordura arte, Bilboko Elizbarrutiak utzita zion etxea herriari, baina, erabilera eta gozamenerako lagapen ofiziala 1979an gauzatu zen, akordio baten bidez, 25 urterako. Aurretik egindako lanen balorazioa egin zen, eta gerora egin ahal ziren obrak baloratu egingo zirela adostu zen. Lagapena eperik gabe luzatzeko aukera zabalik utzita. Administratzaile gisa, “Gizarte-Etxea” auzo elkartea izendatu zen, “Gizartekidea” gura zuen edozein arrankudiagar izan zitekeelarik.

Lehenengo urteetan joera parte-hartzailea izan zen nagusi, eta, urte birik behin, hauteskundeak deitzen ziren, juntako partaide berriak  aukeratzeko.

Honakoa zen Gizarte Etxearen hasierako abiapuntua: “ Elkarte zabala eta anitza izanik, kolaboratzaile guztion ekarpen eta iritziak errespetatu eta eskertzen dira, nahiz eta eurekaz bat ez egin “.

Gaur egun filosofia honek indarrean dirau,  eta Gizarte-Etxeak bai pertsona fisikoak eta bai elkarteak eguneroko dinamizazioan eta antolakuntzan parte hartzera animatzen jarraitzen du.  Junta edo asanblada irekiak izan ohi dira eta hor herritarron ekarpenak entzun eta erabakitzen dira; dagoena zainduz, eta aniztasuna errespetatuz, guztiok ez baitugu berdin pentsatzen. Horretan datza, benetan, Elkarte honen aberastasuna.

Funtzionamendua

Orokorra

Gizarte Etxea bere baliabideekin mantentzen da, era herrikoienean. Tabernatik ateratzen denarekin eta, bereziki, herriko jaietan egiten den ahalegin bereziarekin ordaintzen dira funtzionamendurako zein ekintzetarako gastuak. Aipatzekoa da itzelezko esfortzu honen atzetik herritar askoren borondatezko lana dagoela.

Proiektu hau gauzatu ahal izateko, urtean zehar ekintza zeharo ezberdinak antolatzen dira. Aipatzekoak: txanden antolaketa, taberna girotzeko egur mozketa, sukaldari eta zerbitzarien konpromisoa, konponketa lanak eta zuzeneko kultur ekintzen antolaketa, batik bat.

Antolaketa batzuetan pertsona zehatz batzuk daude arduratzen direnak eta, beste batzuetan, kultur dinamiketan bereziki, batzorde batek antolatu eta bideratzen du dena. Aipatzekoa da batzorde zabala dela eta auzokide guztiok parte hartu ahal dugula antolaketa lanetan; izan ere, bere erruz hilero kultur ekitaldi batez gozatzeko aukera izaten dugu azken urteetan: kontzertu, antzerki edota ipuin kontalari eran, hitzaldiak zein emanaldiak eskaintzen, jaialdi eta ikastaro bereziak antolatzen, pintxo, argazki edota bestelako txapelketak martxan ipintzen  eta abar.

  1. urtean sortu berri den webgune honetan ere batzordea izan da proiektuari martxan jartzeko astindua eman diona, Gizarte-Etxea garai berrietara egokitzeko asmotan eta zerbitzu berriak eskaintzeko auzokide eta lagun guztioi. Dena den, honetan ere, Gizarteko funtzionamendu orokorrean gertatzen den bezalaxe, parte hartzea sekulakoa izan eta izaten ari da. Argi dago, bada, eredu honekin etorkizuna badagoela eta guztion artean Gizarte-Etxea osatu eta egingo dugula.

Proiektu eta ekintza hauek guztiak, arlo ekonomikoa eta sor daitezkeen bestelako iniziatiba edo arazoak, asanbladatik pasatzen dira. Hau baita Gizarte-Etxeko funtzionamenduan mailarik gorena. Gizartekideek osatzen dute eta guztiz irekia da. Bertan, lanerako irizpideak markatu, antolamendu orokorrak zehaztu eta sortzen diren zalantza, ekarpen edo proposamenak onartu eta eztabaidatzen dira, erabakiak hartzeko eta martxa onean aurrera jarraitzeko.

Esan bezala, nork bere lekua topatzen du Gizarten laguntzeko, nahiago duen modua eta momentua. Gizarte Etxea ongarrituz eta herria astinduz, gozamenaren uztak ondoren guztiok jasotzeko.

Jaietakoa

Herriko jaietan Gizarte-Etxeak paper berezi bat hartu izan du beti. Izan ere, bere filosofia parte hartzaileari esker, jai-egunak aproposak izaten dira urteko lan asko gauzatzeko. Zalantzarik gabe, Andra Mari jaiak, Gizarteko diru-iturrien sarrerari dagokionez, garrantzitsuenak izaten dira. Herriko beste jaietan, Basakoetxen esate baterako, bestelako lanak egiten dira, bazkari muntaiaren materiala eramatea, adibidez.

Esan bezala, Andra Mari jaiak izan ohi dira benetako exijentzia eskatzen diotenak Gizarte Etxeari, bai kultur gune bezala eta baita laguntzaileen beharrizanagatik. Zorionez, urteen poderioz, giza sare erraldoi bat josi ahal izan da eta egun 100 pertsona inguruk ondo antolatutako ekintzetan lan egiten dute Gizarte eta Arrankudiagaren mesederako..

Antolamendua ez da bereziki konplexua; jende kopuru ezberdineko taldeak osatzen dira eta bakoitzak zeregin zehatz bat betetzen du. Zeregin garrantzitsuen artean, jaien kronologia jarraituz, hauexek aipa ditzakegu:

  • Karparen muntaia: Andra Mari jaiak baino aste batzuk aurretik prestatzen da; Gizarte-Etxearen atzeko plazan kokatzen da. Tamaina handikoa izanik, egun beteko lana eskatzen du gehienetan. Normalean dozena bat lagun egoten da lanean eta, bezperan, marmitako egunean ematen zaio lehenengo astindua.
  • Marmitako afaria: Txapelketan parte hartu eta gero, jende asko hurbiltzen da karpara. Denon artean mahaiak muntatu eta elkarrekin afaltzen dugu bertan, jai-giroan eta ondo pasatzeko gogoekin beti.
  • Barra bereziaren muntaia: Jaiak baino aste bat lehenago edo, bost- sei lagunen artean antolatzen dute barra eta Berakatz Eguneko musika-jartzailearen txokoa.
  • Odolosteak: Lan gehien eskatzen duen ekintzetako bat da hau. Izan ere, horrenbeste odoloste egiteko jende asko behar da: arroza eta porruaren prestaketan, suaren antolamenduan, odolosteak egin eta egosten... Goizean goiz, emakume zein gizon, lanean hasten dira, goiz erdirako lanak bukatuta egotea helburu.
  • Txanda bereziak tabernan: Jaiak direla eta, txanda bereziak egiten dira; lana askoren artean banatzea da asmoa, horrela  guztiok jaietan gozatu ahal izateko.
  • Berakatz Eguneko afariak: Gau honetan, ehunka pertsonek afaltzen dute bertan ordu gutxiko tarte batean. Arratsaldeko 8etarako dena prest egoten da: lau bat sukaldari, bi lagun momentuko garbiketetan, dozena pare bat zerbitzari, beste hiru lagun harrikoa antolatzen, postre eta kafeetan beste dozena erdi bat kide eta, noski, diruzaina eta maîtrea. Denak, “profesionalak” egun horretarako, dakiten erarik onenean bezeroak pozteko prest!
  • Berakatz Eguneko musika tabernan: Gau honetan musikak oso paper garrantzitsua betetzen du. Horretarako, Gizartek musika-jartzaile profesional baten laguntza izan du azken urteetan. Eskerrik asko Bull.
  • Gizarteko garbiketa orokorra: lan gogorra Berakatz Egun ostean egiten dena. Ajea guztiz gainditu barik, hamabost bat lagun ibiltzen da astearte arratsaldean jaietako eta urte guztiko garbiketa orokorra egiten.

Anima zaitez jaietan parte hartzen!

 

“Eman ezik ezin hartu”    “Sin dar, no se puede recibir”     

“Uzta ereitearen saria da”      “La cosecha es el premio de la siembra”

  

Crea tu propia página web con Webador